Guibeko web orrira bueltatu

TALLERES GUIBE, S.A. enpresaren salmenta-baldintza orokorrak

1. KONTRATUA

Idatzizko kontraturik ez badago, dokumentu hauek osatuko dute Talleres GUIBE S.A. erakundearen (aurrerantzean, GUIBE) eta Bezeroaren arteko kontratua: bezeroak igorritako idatzizko eskaera-dokumentua (aurrerantzean, Eskaera) eta GUIBEk idatzitako eskaeraren berrespena (aurrerantzean Berrespena).

Idatzizko kontratu bat sinatzen bada, Eskaera eta Berrespena kontratuaren zati banaezinak izango dira. Kontratuaren testuaren eta Berrespenaren arteko bateraezintasunik badago, Berrespenaren edukia joko da indarrekotzat eta kontratua indargabetuko da bateraezinak diren eduki guztietan.

Kontratu bat hainbat fasetan eta hainbat entregarekin gauzatu behar denean, eta entrega horietako bakoitzak kontratu independente bat bezala funtzionatzen duenean —2. klausulan zehazten dena—, kontratu indibidualtzat hartuko da entregaren fase bakoitza, eta alderdiek tratamendu bereizia eta independentea emango diote.

2. ESKAERA ETA BERRESPENA

Eskaera idatziz egin beharko da; posta arruntez, posta elektronikoz, faxez edo Eskaeraren edukia idatziz jasota utziko duen beste edozein modutan.

Eskaeraren Berrespena idatzizko dokumentu baten bitartez bidaliko da. Dokumentu hori Eskaera egiteko baliozko baldintzetako edozeinetan igorriko da. Dokumentu bien artean egon daitezkeen desadostasunak salgaia bidali aurretik argitu beharko dira, eta bien edukiek bat egiten ez badute, Berrespena hartuko da indarrezko agiritzat salgaia definitzeko eta kontratuaren gainerako baldintzak ezartzeko.

Salbuespen gisa, GUIBEk aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak onartu ahal izango ditu (adibidez, telefono-eskaera bat). Kasu horietan, alderdientzako baliozko dokumentu bakarra eta betebeharren iturria Berrespena izango da, lehenago adierazitako baldintzen arabera nahitaez gauzatu beharko dena.

GUIBEk bidalitako eskaintzek edo aurrekontuek ez dute Berrespen-izaerarik izango inola ere. Era berean, eskaintza edo aurrekontu horiek ez dira baliozkotzat joko, eta, ondorioz, ez dira onartuko, Bezeroak Eskaera irmo bat egiten ez badu, aurrez aipatutako bideak erabiliz, eskaintza edo aurrekontua egin eta hurrengo 60 egunen barruan, baldin eta eskaintzan berariaz bestelakorik adierazten ez bada.

Azkenik, GUIBEk eta haren bezeroek sinatzen dituzten idatzizko kontratuetan xedatutakoari kalterik egin gabe, edozein bezeroren eskaera bati uko egiteko ahalmena izango du GUIBEk eta ez du uko egitearen berariazko justifikaziorik egin beharko.

3. ENTREGA

Oro har, eta berariaz eta idatziz kontrakoa ezartzen ez bada, salmenta 'Ex Works' moduan egingo da, hau da, GUIBEk Bezeroaren —edo azken horrek salgaia bere instalazioetara eramateko kontratatutako garraiolariaren— esku jarriko du salgaia GUIBEren instalazioetan bertan. Une horretatik aurrera, Bezeroaren kontura izango dira gastu guztiak (garraioa, asegurua, aduana-gastuak, etab.) eta hark hartuko du bere gain salgaiak hondatzeko edo galtzeko arriskua.

Ondorio horietarako, salgaia eskuragarri jarri dela ulertuko da GUIBEk salgaia bere instalazioetan utzi eta Bezeroari edo hark esleitutako garraiolariari abisua ematen dionean, dela telefonoz, dela idatziz. Telefono bidezko abisuaren kasuan, abisua dagoela ulertuko da GUIBEk jakinarazi zuen aurreikusitako entrega-datatik hogeita hamar (30) egun igaro direnean Bezeroak —edo haren garraiolariak— salgaia GUIBEren instalazioetatik eraman gabe.

GUIBEk ez du inoiz entrega-data itxi, lotesle edo behin betikorik eskainiko. Horri dagokionez, GUIBEk adierazitako entrega-data guztiek gutxi gorabeherako izaera izango dute eta GUIBEk fede onez jakinaraziko ditu, merkataritza-harremanaren funtzionamendua errazteko soilik. Horregatik guztiagatik, GUIBEk ez du bere gain hartuko modu ez-loteslean jakinarazitako entrega-dataren aurretik edo ondoren salgaiak entregatzearen ondoriozko edozein motatako galeren edo kalteen erantzukizun zuzenik.

Bezeroak berandu jasotzen badu aipatutako baldintzetan bere esku jarri den salgaia, GUIBEk materialen biltegiratze-gastuei dagokien zenbatekoa erreklamatu ahal izango dio Bezeroari, salgaia eskuragarri jarri ondorengo zazpigarren egun baliodunetik hura jaso arte. Atzerapena laurogeita hamar (90) egunetik gorakoa bada, GUIBEk nahi duen moduan erabili ahal izango ditu salgaiak, paragrafo honetan adierazitako biltegiratze-gastuak ordaintzea eskatzeko duen ahalmenari kalterik egin gabe.

4. PREZIOA ETA ORDAINTZEKO BALDINTZAK

Bezeroak kontratu bakoitzean ordaindu beharreko prezioa, indibiduala (pieza bakoitzeko) zein globala (eskaera bakoitzekoa) izan, Berrespenean berariaz ezarritakoa izango da, 2. klausulan ezarritako baldintzetan. Estatuko bezeroekin egindako kontratuen kasuan, Kanarietan izan ezik, produktuari egokitutako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasa gehituko zaie prezio guztiei.

GUIBEk eskaera bat ez onartzeko eskubidea izango du, ordaintzeko moduari dagokionez Bezeroarekin akordiorik lortzen ez badu.

Bezeroa salgaia entregatzeko hitzartutako prezioa ordaintzen atzeratzen bada, merkataritza-operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako berandutze-interesa sortuko da automatikoki, eta GUIBEk berandutze-interes horren ordainketa erreklamatzeko ahalmena izango du, bai eta aipatutako atzerapenagatik eskubidez dagozkion beste edozein ekintza abiaraztekoa ere.

5. JABARI-ERRESERBAREN KLAUSULA

Abenduaren 29ko 3/2004 Legean xedatutakoaren babesean, Kontratu orotan GUIBEren aldeko jabari-erreserba bat gauzatuko da. Beraz, GUIBEk hornitutako produktu guztien jabetza izango du haien ordainketa osoa jaso arte.

Ordainketarik jasotzen ez badu, GUIBEk bere jabetzako materiala berreskuratzeko eskubidea izango du, baita hasierako Bezeroak hirugarren bezero bati eman ondoren ere. Azken kasu horretan, Bezeroak GUIBEren eskura jarri beharko du salgaia, hark eraman dezan.

6. FALTAK

Jaso ondoren, Bezeroak berehala kontrolatu eta egiaztatu beharko du salgaia, kalitateari eta kantitateari dagokienez. Ondore horretarako, falta diren atalen erreklamazioak kontuan hartuko dira soilik GUIBEk huts horiei buruzko idatzizko jakinarazpena jasotzen badu salgaia jaso eta hurrengo lau (4) egunen barruan.

Era berean, baldintza desegokietan jasotako ondasunen eta produktu akastunen berri eman beharko zaio GUIBEri, aurreko paragrafoan adierazitako bide eta epe berean.

Klausula honetan adierazitako jakinarazpena egin ezean, Bezeroa jasotako salgaiarekin konforme dagoela ulertuko da.

7. ITZULKETAK

Bezeroa konforme geratu bada hornitutako eta jasotako ondasunekin, ondasun horiek ezin izango dira itzuli GUIBEren aldez aurreko eta idatzizko baimenik gabe.

Itzulketa onartzen bada, itzulitako ondasunak 'garraioa ordainduta' bidali beharko dira, fakturaren zenbakia eta data eta itzulketaren arrazoia jasotzen dituen ohar batekin batera.

Itzulketak onartzeko, ezinbestekoa izango da artikulu guztiak hornitu ziren baldintzetan egotea, markarik gabe eta GUIBEk erabiltzeko moduan.

8. BERMEA

GUIBEk Bezeroari bermatuko dio salgaiak modu egokian fabrikatu eta hornituko dituela. Horrek esan nahi du edozein elementu konpondu edo ordezkatuko duela, betiere, elementuak diseinuan, materialetan edo eskulanean akatsak baditu, behar bezala instalatuta eta erabilera normalean egon arren.

Ondorio horietarako, GUIBEk emandako bermea aplikagarri izango da soilik salgaiaren akatsak hauteman eta GUIBEri idatziz jakinarazi zaizkionean, eta honako bi inguruabarrak betetzen direnean:

Salgaia instalatu den makina idatzizko jakinarazpena egin aurreko hamabi (12) hilabeteen barruan martxan jarri izana.

Idatzizko jakinarazpena salgaiari dagokion faktura jaulki ondorengo hemezortzi (18) hilabeteen barruan egin izana.

Bestalde, GUIBEk berme berdina eskainiko du konpondutako edo ordeztutako elementuei dagokienez, artikuluak konpondu edo ordeztu eta hurrengo sei (6) hilabeteetan zehar.

Edozein elementu konpontzeko edo ordezteko bermearen kanpo geratuko dira garraio-gastuak, zergak edo elementua konpontzeko edo ordezteko GUIBEk aukeratutako beste zentro baterako bidalketarekin lotutako bestelako gastuak.

Konpondu edo ordezkatu diren materialak 3. klausulan adierazitako modu berean eta kostuen banaketa berarekin entregatuko dira.

GUIBEk beretzat gordetzen du Bezeroaren idatzizko jakinarazpenaren arabera, akastuna den edozein produktu berreskuratzeko eskubidea, bere irizpidearen eta zuhurtziaren arabera. Produktu hori GUIBEri itzuliko zaio (Bezeroaren kontura), ustezko akatsa aztertzeko egoki diren ikuskapenak burutze aldera.

GUIBEk banatutako produktuen kasuan (hau da, beste fabrikatzaile batzuek GUIBEri hornitutako ondasunen kasuan), GUIBEren erantzukizuna izango da Bezeroari adieraztea ondasun horien jatorrizko fabrikatzaileak emandako edozein bermeren onurak, betiere, aurreko klausuletako baldintzak gainditu gabe.

GUIBEk ez du bere gain hartuko bezeroek eman dizkion plano, diseinu eta/edo zehaztapen okerren ondorioz sortu diren produktuen akatsen gaineko erantzukizunik. Azkenik, klausula honetan adierazitako erantzukizun-mugapenarekin eta bermearekin bat, GUIBEk ez du inoiz bere Bezeroaren aurrean erantzungo GUIBEk hornitutako produktuekin lotutako kalteengatik edo hirugarrenei ordaindu beharreko kalte-ordainengatik, eta salgai akastunak arestian adierazitako baldintzetan konpondu eta/edo ordeztera mugatuko da.

9. AZALPEN-MATERIALA ETA IRUDIAK

GUIBEk igorritako pisu eta dimentsioei buruzko ohar, zehaztapen eta plano guztiak gutxi gorabeherakoak dira, eta deskribatzen dituzten produktuen ideia orokor bat aurkezteko xedea dute: Beraz, ez dira Kontratuaren parte bat.

10. JABETZA INDUSTRIALEKO ESKUBIDEAK

GUIBEk aurkeztutako plano, azalpen eta informazio guztiak GUIBEren jabetzakoak dira. Beraz, GUIBE da arlo horretan aplikatzekoa den Espainiako eta nazioarteko araudiak aitortutako jabetza industrialeko eskubide guztien titularra.

11. BEZEROAREN BETEBEHARRAK

Bezeroak ziurtatuko du esperientzia duten langile gaituek erabiltzen eta doitzen dituztela produktu guztiak. Edozein arrazoirengatik Bezeroak ez badaki produktuak nola erabili edo doitu behar diren, idatzizko eskaera bat bidali beharko dio GUIBEri, informazio gehiago eta/edo azalpen-liburuxkak eskatzeko.

Bezeroak kalte-ordain guztiak ordainduko dizkio GUIBEri zabarkeriaz jokatu badu eta bere egiteek edo ez-egiteek istripu bat sortzea edo hirugarren batek erreklamazio bat egitea eragiten badute.

12. KLAUSULEN ZATIGARRITASUNA ETA AUTONOMIA.

Baldintza hauetan jasotako betebehar guzti-guztiak banatutako betebehartzat hartuko dira, eta hala betearaziko dira, hargatik eragotzi gabe beste edozein betebehar ez eskatzea.

Era berean, dokumentu honetan jasotako klausula guzti-guztiak erabat autonomoak eta independenteak izango dira; beraz, edozein agintari eskudunek klausula horietako edozein baliogabetzeak ez du eraginik izango gainerakoen baliozkotasunean eta indarraldian, eta indarrean jarraituko dute eta izaera loteslea mantenduko dute alderdien artean.

13. APLIKATZEKO LEGERIA ETA JURISDIKZIOA

GUIBEk edozein bezerori saldutako edozein salgairi buruzko Kontratua eta salmenta-baldintzak (lehen adierazitakoak) Espainiako legeriaren arabera arautu eta interpretatuko dira, eta legeria horri jarraikiz jardun beharko dute GUIBEk zein Bezeroak.

Aurrez aipatutako edozein salmenta-baldintzaren interpretazioarekin, betearazpenarekin edo betearazpen ezarekin lotutako auzirik egonez gero, Bilboko (Espainia) epaitegi eta auzitegien mende jartzen dira alde biak, beste edozein foruri berariaz uko eginez.

Guibeko web orrira bueltatu
GUIBE S. A. © 2020
Lege-oharra
Sare sozialen lege-oharra
Salmenta-baldintza orokorrak